miércoles, 22 de noviembre de 2017

SAN MARTIN DE LOS ANDES


SAN MARTIN DE LOS ANDES



Argentinako Euskal Astea bukatu zen San Nicolasen, eta bidai luze baten ondoren, Bahia Blancan eta Neuquenen eskalak egin, eta astelehenetik astearterako gauerdian iritsi ginen Silvina eta ni San Martinera. Zain genuen bertako Euskal Etxeko presidentea, Manuel Bustingorry. Eta, jarraian, astebetez apopilo hartuko ninduenaren etxera joan ginen, Alejandraren etxera. Porru-zopa batekin egin zidan ongietorria, eta Manuel eta hirurok, nekeak neke, goizalde arte jardun ginen honetaz eta hartaz hizketan.


Biharamunean, aurretik abisatua nengoen arren, San Martinen edertasuna berretsi ahal izan nuen. Paisaia zoragarria, harrizko eta egurrezko eraikin txikiak, Nacar lakuaren edertasuna…Suitza txiki bat iruditu zitzaidan.


Bertako Euskal Etxea (eraikin finkorik oraindik ez duen arren) 2 urte eskas darama dozena bat lagun ia astero elkartzen, eta guztion artean ondo koordinatuta, ederki zaindu naute. Manu, Mariana, Silvina, Gustavo, Jako errugbilaria, Alejandra…batekin eta bestearekin ibiliz, San Martingo berri izan dut gertutik.



Egun batean, taldean pizzeria batean afaldu, beste batean, garagardotegi polit askoan hiru lagunekin arkume “enpanadak” bazkaldu, Gustavoren familiarekin euren etxean milanesak afaldu, Alejandrarenean “asadoa” afaldu…gutxienez, gizentzeko behintzat balio izan didala esango nuke! Baina…eta lana?


Herriko bi irratietan elkarrizketatu ninduten, nire berri eta eman beharreko programazioari buruz galdezka. Horrez gain, “Gunter Grass” kultur aretoan, asteazkenean, “Euskal kultura eta Euskara” izenburua zuen hitzaldia eman nuen. Bukaeran, etorritakoek galdera asko egin zizkidaten eta, helburua ondo bete nuenaren ustearekin amaitu nuen. Biharamunean, berriz, bizpahiru orduko “Euskarazko tailerra” eskaini nien bertara bildutako hogei-hogeita hamar lagunei, eta sentsazio onarekin geratu nintzen berriro ere. Bada zerbait behintzat!



Horretaz gain, ostegun goiza “Fuente Serena” ikastetxean pasa nuen eta, Marisol Lerin zuzendariarekin izandako hizketaldi interesgarriaz gain (funtzionamendu berezia dute ikastetxe horretan), ikasleekin igarotako uneak oso aberatsak izan ziren.  Ikasleak eurak nirekin konpartitutakoaz gainera, “Ni euri tanta banintz” abestia erakutsi nien talde desberdinei, eta arrakastatsua izan zela esan dezaket amaieran, irakasleak eurak esandakoaren arabera. Ondoren, abestia kopiatu, esanahia adierazi, eta dantzatu genuen. Esperientzia bikaina izan zen.

Beste egun batean, Manu Bustingorryrekin, Quila Quinara joan nintzen (maputxeen hizkuntzan “3 puntuak” edo “3 izkinak”). San Martingo herrigunetik 12km.ra gelditzen den auzo edo leku paregabea da. Bertan, Campinga, hondartza, etxe isolatu batzuk, imajinatzen zaila egiten den edertasuna eta 42 ikasle dituen eskola maputxe bat dago. Sonia zuzendariari esker, eskola erakutsi zigun eta hizketaldi zinez aberasgarria izan genuen. Datorren urtean ikastetxeak 100 urte beteko ditu, eta euren eta Fleming gure ikastetxearen arteko datuak partekatu ondoren, eta orduarengatik ikaslerik egon ez arren, gure arteko komunikazioak jarraipena izan dezakeenaren sentsazio gozoarekin itzuli nintzen.




Turismo pixka bat egiteko probestu dut azken eguna. Polita da inguru hau, urte osoan zehar, turista asko egoten da arrantza, ehiza edo lekua bisitatzera soilik etorriak, eta ez da harritzekoa paisaia ederrak ditu-eta!




Alejandraren etxean afari eder batekin esker ona adierazi nahi izan didate. Euren Euskal Etxeko zapi gorria opari didate gainera! Eskerrak niri emateko? Alderantziz behar ez ote lukeen pentsatzen nabil.

Euskal komunitatea osatzen ari dira hemen, ez dute toki finkorik biltzeko, ez dago euskara dakien pertsonik…baina talde humano handia dago euskal sentimendu handia duena eta lanerako prest dagoena. Pixkana-pixkana joan behar dutela badakiten arren, hasiak dira inurri lanetan. Eta ni, bihar, nire bila etorri diren Oskar Mendiberri eta haren emazte Bibianarekin Neuquenera noa. Hurrengo geltokia Neuquen-Cipolletti. "Patagonia Euskalduntzen"!

No hay comentarios:

Publicar un comentario