domingo, 19 de noviembre de 2017

EUSKAL ASTE NAZIONALA SAN NICOLAS DE LOS ARROYOSEN





Viedmatik ostegun gauean atera ginen kolektiboan (autobusean) eta ostiralean, 14:00ak aldera, 40 laguneko taldea iritsi ginen San Nicolasera. Urteroko euskaldun-argentinarren topaketa zain genuen. 15:00etarako Mintzodromoan ginen, eta euskaraz, argentinar eta euskaldunak elkar ezagutu genuen. Hoteletik pasa ondoren, herriko plazan, irekiera ekitaldia ikusi genuen, eta handik abesbatzen ekitaldira joan ginen herriko antzoki ederrera. Guztia azkar bezain eder zihoan. Jarraian, bazkariak eta afariak serbitzatzen ziren kiroldegira joan ginen. Bertan, Argentinako hainbat herritatik (Chile, Brasil eta Uruguaiko talderen bat ere) etorritako ehundaka pertsona elkartu ginen Euskal Herriarekiko sustraiak eta maitasunak elkartzen gintuela. Herri bakoitza elkarrekin, giro ederra izan genuen afarian, eta goizalde arte hizketan eta dantzan aritu ginen. Zenbat euskaldun argentinan!
Biharamunean (larunbata, azaroak 11), Silvinarekin (San Martinetik etorritako lagunarekin) Ciber batera joan eta gero, besteekin elkartu ginen bazkaritarako. Han, Asteasu, Zizurkil eta Villabonan ibilitako argentinar jator batzuekin hitz egin, eta kamiseta bat oparitu zidaten. A zer jendea! A zer maitasuna euskaldunarekiko! Jaione Agirre legebiltzarkidearekin ere Patagoniari laguntzeko beharraz hizketan aritu ginen. Guztia magikoa zela iruditzen zitzaidan!

Arratsaldean, plazan, danborrada ikusi, eta antzokira joan ginen dantza emanaldira. Zenbat euskal dantza talde! Zinez hunkigarria izan zen, eta negar malkoak ez nituen urruti izan. Ondoren, Angel Oiarbiderekin (GED) hizketan hasi, eta oinez, elkarrekin afaritara joan ginen. Zortzigarren probintziaren potentzia, gure ezikusiaren jarrera, begirada zabaltzeko premiaren garrantzia…mintzagai izan genuen. Bertatik ikusi ezean, ez nuen sinistuko. Bikaina! A zer euskal giroa! A zer sorpresa niretzako! Ikustekoa eta bizitzekoa zinez. Afaldu, eta tragoxka batzuk hartu genituen Pablo, Rocio, Belen eta Sebastianekin solasean. Mikel Urdangarini (emanaldi bikaina eskaini zigun) diskoa sinarazi genion, eta laster genituen gurekin Mikel bera, Angel Oiarbide, Bergarako (Osintsu auzoko)  artista bat eta Irungo neska bat. Kontu kontari, gozatu ederra hartu genuen. Goizaldean etxeratu ginen, baina gau bikaina pasata! Gora Argentina euskaltzalea!
Azaroak 12, igandea

Maletak autobusean utzi, eta eguerdiko dantza emanaldi zoragarriak ikusi genituen. Hunkigarria izan zen hainbeste dantzari, guztiak elkarrekin, plazan euskal dantzetan ikustea! Zirraragarria “eusko gudariak” entzutea!
Handik bazkarira, eta nahi baino goizago, autobusera. Bizitako guztia liseritu ezinik, itzulerako ordu askotako bideari ekin genion. Goizaldean, lagun guztiak Bahia Blancan agurtu nituen (Gora Viedma-Patagones!) eta, Silvinarekin, San Martinerako bidaia luzeari ekin genion. Hausnartzeko asko dago San Nicolasen bizitako asteburuaz. Gora euskal diaspora!



No hay comentarios:

Publicar un comentario