martes, 28 de noviembre de 2017

NEUQUEN ETA CIPOLLETI


NEUQUEN "BASKOS DE LA CONFLUENCIA"




San Martin de los Andes agurtu, eta azaroaren 20a bidaiatzeko baliatu genuen. Autoz, Oskar Mendiberri eta haren emazte Biancarekin, “7 lakuetatik” Neuquén hirira iritsi ginen 10 orduko bidaia egin eta gero, gauez. Paisaia guztiz zoragarria, lakuen eta naturaren ikuskizun aparta. Are gehiago eguraldi ederra izan genuelako.  

Azaroaren 25arte, “Baskos de la Confluencia”koak zaindu naute. Hemen Euskal Etxe bakarra zegoen, baina haserre bat tarteko, egun, bi daude.

Duela pare bat urte hasi ziren taldetxo bat elkartzen. Hilabetero bitan elkartzen dira eta harreman ona dute euren artean. Aitzitik, ez dute elkartzeko leku finkorik, ezta euskara irakats diezaiekeen inor ere. 10-15eko taldea da, handitzeko esperantzarekin dagoena.  
Beraz, “Patagoniarantz” proiektuarekin bat egin, eta hortxe ibili naute hona eta hara publizitatea egiteaz gain, hitzaldiak eta euskara tailerrak ematen. Hori bai, guztien artean ederki zaindu naute hemen ere!



3 egunetako egitaraua izan da, asteartetik ostegunera. Bi euskara tailer eta euskal kulturari buruzko hitzaldi bat eman dut. Baina, batik bat Neuquenen eta Cipolletin, euskal mundua ezagutarazteko baliatu dute. Horregatik, lauzpabost irratietan egon naiz (beste bitan telefonoz), baita bi telebista katetan ere (batean zuzenean). Niretzat esperientzi bitxia izan da, eta batzuetan, handia gelditzen ari zitzaidanaren sentsazioa izan dut. Euskara eta euskal kultura zabaltzeko balio izango zuelakoan ahalik eta ondoen egin dudana.

Adin desberdinetako jendea dago “Baskos de la Confluencian” , eta hori dela-eta, batzuekin garagardo bat hartu dudan bezala, beste batzuekin ardoen bodega batera edota dinosauroen museo batera joateko aukera ere izan dut.


Tailerretan eta hitzaldian ez da jende gehiegirik egon (ordutegia ez omen da onena izan), baina taldekoek erein egin beharra zegoela zioten, eta hori behintzat egin dugu. Etorkizunera begira itxaropentsu  daude. Ea horrela den. Orokorrean gustura gelditu dira.

Gainera, aurretik egondako beste lekuetan bezala, nik ekarritako euskara ikasteko materiala -Oskarri eta Manuri- utzi diet (bideoak, lan-koadernoak...) eta, beraz, ez dute aitzakiarik lanean gogotsu jarraitzeko. San Martingo eta Viedma-Patagoneseko lagunei ere, lehen aldiz, euskarazko bideo bat bidali genien “asado bat” jatera gonbidatuz, eta haien artean harremanetan hasteko baliagarria izan daitekela iruditzen zait.






 


Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean ere egon nintzen, “Nº 45, Escuela Soldado de Argentina” delakoan, eta ehun bat ikasleri euskararen esistentziaz jabetzeko balio izango zien. Galdera mordoa egin zizkidaten eta, egia esan, ederra izan zen goiza eurekin konpartitzea.



Beraz, euren etxean seme bat bezala hartzeagatik Oskarri eta Biancari eskerrak emanez bukatu nahi dut. Baita taldeko guztiei ere. Azken egunean, opari eta guzti, “asado” eder batekin eman didate agurra. Eman eta jaso egin dut hemen ere. Euskararen alde balioko duelakoan, agur eta eskerrik asko Neuquen. Patagonia euskalduntzen bukatu da. Orain, Mendozara.



miércoles, 22 de noviembre de 2017

SAN MARTIN DE LOS ANDES


SAN MARTIN DE LOS ANDES



Argentinako Euskal Astea bukatu zen San Nicolasen, eta bidai luze baten ondoren, Bahia Blancan eta Neuquenen eskalak egin, eta astelehenetik astearterako gauerdian iritsi ginen Silvina eta ni San Martinera. Zain genuen bertako Euskal Etxeko presidentea, Manuel Bustingorry. Eta, jarraian, astebetez apopilo hartuko ninduenaren etxera joan ginen, Alejandraren etxera. Porru-zopa batekin egin zidan ongietorria, eta Manuel eta hirurok, nekeak neke, goizalde arte jardun ginen honetaz eta hartaz hizketan.


Biharamunean, aurretik abisatua nengoen arren, San Martinen edertasuna berretsi ahal izan nuen. Paisaia zoragarria, harrizko eta egurrezko eraikin txikiak, Nacar lakuaren edertasuna…Suitza txiki bat iruditu zitzaidan.


Bertako Euskal Etxea (eraikin finkorik oraindik ez duen arren) 2 urte eskas darama dozena bat lagun ia astero elkartzen, eta guztion artean ondo koordinatuta, ederki zaindu naute. Manu, Mariana, Silvina, Gustavo, Jako errugbilaria, Alejandra…batekin eta bestearekin ibiliz, San Martingo berri izan dut gertutik.



Egun batean, taldean pizzeria batean afaldu, beste batean, garagardotegi polit askoan hiru lagunekin arkume “enpanadak” bazkaldu, Gustavoren familiarekin euren etxean milanesak afaldu, Alejandrarenean “asadoa” afaldu…gutxienez, gizentzeko behintzat balio izan didala esango nuke! Baina…eta lana?


Herriko bi irratietan elkarrizketatu ninduten, nire berri eta eman beharreko programazioari buruz galdezka. Horrez gain, “Gunter Grass” kultur aretoan, asteazkenean, “Euskal kultura eta Euskara” izenburua zuen hitzaldia eman nuen. Bukaeran, etorritakoek galdera asko egin zizkidaten eta, helburua ondo bete nuenaren ustearekin amaitu nuen. Biharamunean, berriz, bizpahiru orduko “Euskarazko tailerra” eskaini nien bertara bildutako hogei-hogeita hamar lagunei, eta sentsazio onarekin geratu nintzen berriro ere. Bada zerbait behintzat!



Horretaz gain, ostegun goiza “Fuente Serena” ikastetxean pasa nuen eta, Marisol Lerin zuzendariarekin izandako hizketaldi interesgarriaz gain (funtzionamendu berezia dute ikastetxe horretan), ikasleekin igarotako uneak oso aberatsak izan ziren.  Ikasleak eurak nirekin konpartitutakoaz gainera, “Ni euri tanta banintz” abestia erakutsi nien talde desberdinei, eta arrakastatsua izan zela esan dezaket amaieran, irakasleak eurak esandakoaren arabera. Ondoren, abestia kopiatu, esanahia adierazi, eta dantzatu genuen. Esperientzia bikaina izan zen.

Beste egun batean, Manu Bustingorryrekin, Quila Quinara joan nintzen (maputxeen hizkuntzan “3 puntuak” edo “3 izkinak”). San Martingo herrigunetik 12km.ra gelditzen den auzo edo leku paregabea da. Bertan, Campinga, hondartza, etxe isolatu batzuk, imajinatzen zaila egiten den edertasuna eta 42 ikasle dituen eskola maputxe bat dago. Sonia zuzendariari esker, eskola erakutsi zigun eta hizketaldi zinez aberasgarria izan genuen. Datorren urtean ikastetxeak 100 urte beteko ditu, eta euren eta Fleming gure ikastetxearen arteko datuak partekatu ondoren, eta orduarengatik ikaslerik egon ez arren, gure arteko komunikazioak jarraipena izan dezakeenaren sentsazio gozoarekin itzuli nintzen.




Turismo pixka bat egiteko probestu dut azken eguna. Polita da inguru hau, urte osoan zehar, turista asko egoten da arrantza, ehiza edo lekua bisitatzera soilik etorriak, eta ez da harritzekoa paisaia ederrak ditu-eta!




Alejandraren etxean afari eder batekin esker ona adierazi nahi izan didate. Euren Euskal Etxeko zapi gorria opari didate gainera! Eskerrak niri emateko? Alderantziz behar ez ote lukeen pentsatzen nabil.

Euskal komunitatea osatzen ari dira hemen, ez dute toki finkorik biltzeko, ez dago euskara dakien pertsonik…baina talde humano handia dago euskal sentimendu handia duena eta lanerako prest dagoena. Pixkana-pixkana joan behar dutela badakiten arren, hasiak dira inurri lanetan. Eta ni, bihar, nire bila etorri diren Oskar Mendiberri eta haren emazte Bibianarekin Neuquenera noa. Hurrengo geltokia Neuquen-Cipolletti. "Patagonia Euskalduntzen"!

domingo, 19 de noviembre de 2017

EUSKAL ASTE NAZIONALA SAN NICOLAS DE LOS ARROYOSEN





Viedmatik ostegun gauean atera ginen kolektiboan (autobusean) eta ostiralean, 14:00ak aldera, 40 laguneko taldea iritsi ginen San Nicolasera. Urteroko euskaldun-argentinarren topaketa zain genuen. 15:00etarako Mintzodromoan ginen, eta euskaraz, argentinar eta euskaldunak elkar ezagutu genuen. Hoteletik pasa ondoren, herriko plazan, irekiera ekitaldia ikusi genuen, eta handik abesbatzen ekitaldira joan ginen herriko antzoki ederrera. Guztia azkar bezain eder zihoan. Jarraian, bazkariak eta afariak serbitzatzen ziren kiroldegira joan ginen. Bertan, Argentinako hainbat herritatik (Chile, Brasil eta Uruguaiko talderen bat ere) etorritako ehundaka pertsona elkartu ginen Euskal Herriarekiko sustraiak eta maitasunak elkartzen gintuela. Herri bakoitza elkarrekin, giro ederra izan genuen afarian, eta goizalde arte hizketan eta dantzan aritu ginen. Zenbat euskaldun argentinan!
Biharamunean (larunbata, azaroak 11), Silvinarekin (San Martinetik etorritako lagunarekin) Ciber batera joan eta gero, besteekin elkartu ginen bazkaritarako. Han, Asteasu, Zizurkil eta Villabonan ibilitako argentinar jator batzuekin hitz egin, eta kamiseta bat oparitu zidaten. A zer jendea! A zer maitasuna euskaldunarekiko! Jaione Agirre legebiltzarkidearekin ere Patagoniari laguntzeko beharraz hizketan aritu ginen. Guztia magikoa zela iruditzen zitzaidan!

Arratsaldean, plazan, danborrada ikusi, eta antzokira joan ginen dantza emanaldira. Zenbat euskal dantza talde! Zinez hunkigarria izan zen, eta negar malkoak ez nituen urruti izan. Ondoren, Angel Oiarbiderekin (GED) hizketan hasi, eta oinez, elkarrekin afaritara joan ginen. Zortzigarren probintziaren potentzia, gure ezikusiaren jarrera, begirada zabaltzeko premiaren garrantzia…mintzagai izan genuen. Bertatik ikusi ezean, ez nuen sinistuko. Bikaina! A zer euskal giroa! A zer sorpresa niretzako! Ikustekoa eta bizitzekoa zinez. Afaldu, eta tragoxka batzuk hartu genituen Pablo, Rocio, Belen eta Sebastianekin solasean. Mikel Urdangarini (emanaldi bikaina eskaini zigun) diskoa sinarazi genion, eta laster genituen gurekin Mikel bera, Angel Oiarbide, Bergarako (Osintsu auzoko)  artista bat eta Irungo neska bat. Kontu kontari, gozatu ederra hartu genuen. Goizaldean etxeratu ginen, baina gau bikaina pasata! Gora Argentina euskaltzalea!
Azaroak 12, igandea

Maletak autobusean utzi, eta eguerdiko dantza emanaldi zoragarriak ikusi genituen. Hunkigarria izan zen hainbeste dantzari, guztiak elkarrekin, plazan euskal dantzetan ikustea! Zirraragarria “eusko gudariak” entzutea!
Handik bazkarira, eta nahi baino goizago, autobusera. Bizitako guztia liseritu ezinik, itzulerako ordu askotako bideari ekin genion. Goizaldean, lagun guztiak Bahia Blancan agurtu nituen (Gora Viedma-Patagones!) eta, Silvinarekin, San Martinerako bidaia luzeari ekin genion. Hausnartzeko asko dago San Nicolasen bizitako asteburuaz. Gora euskal diaspora!



miércoles, 8 de noviembre de 2017

EZ DA LANA BAKARRIK...GOZATU ERE BAI!

Bidaiaren aurretik esan ezkero, ez nuke inola ere sinetsiko. Zoragarria da hemengo jendeak, euren euskalduntasuna mantendu nahirik, Euskara ikasteko eta Euskal Kulturan bizitzeko egiten duen ahalegina. Zinez hunkigarria! Gure zortzigarren probintziak ematen digun lezio bikaina. Euskal Herrian bizi garen guztioi hausnarketa sakona egiteko balio beharko ligukeena! Bibak eta esker onak denoi!

Bakoitzaren familia istorioak desberdinak eta norbanakoak izanagatik ere, euren sustraiak harrotasunez defendatzen dituzten jende batekin nago. Birraitonak, aitona-amonak...gure herritik nola etorri ziren kontatzen aritzen zaizkit, sarritan begietatik malkoak isurtzeraino. Eta beraien ahaideekiko maitasunak eramaten dituzte euren bizitzatik, astean ordubetez bada ere, euskara ikastera, dantza taldera, abesbatzan kantatzera edota Euskal Zinema antolatzen dutenean Aberri Etxeraino etortzera. Hau guztia, Euskal Herriarekiko lotura, harremana eta maitasuna eten ez dadin.


Ez hori bakarrik, hemen nagoenetik, seme bat bezala zaindu naute: Miguel Angel, Borja, Mari Karmen, Laura, Carina eta Karina, Rocio, Imanol, Belen, Sebastian, Lucia, Pablo, Fede...eta hainbat eta hainbat pertsona egon da nire egonaldia mimatzen. Nik nire aletxoa eman diet, baina askoz gehiago jaso dut ordainetan. Opari ugari tartean. Milesker!





Baina turismo egiteko aukera ere izan dut. Nola ahaztu Mari Karmenekin "Boca" eta "Loberian"pasatako eguna, Sebastianen Patagoneseko etxean egindako "asado" mundiala, Pablorekin pasatako gaua edota Laurarekin, bertakoen bizitza hobeto ulertzeko, Patagoneseko museora egindako bisita, bazkari bikaina eta guzti!

Aipatu gabe gelditzen zaizkit une eta pertsona asko  -Bella Vistako garagardo goxoak konpainia ederrean adibidez- baina bihar, Viedma utzi eta Argentinako Euskal Etxeetako Jaialdira joatea tokatzen da, eta bidaiak aurrera darrai. Patagonia euskalduntzea helburu!


VIEDMA ETA PATAGONESEKO IKASLEEKIN ABERRI ETXEAN

Barnetegitik itzuli ondoren, alberdi kaleko 169 zenbakian elkartu gara berriro, Viedmako Euskal Etxean. Bertan, egunero, adin desberdinetako pertsonei Euskarako klaseak ematen aritu naiz, oso gustura gainera. Batzuetan, Beatriz irakaslearen taldekoei eta beste batzuetan berriz, Rocioren talde desberdinekoei. Beraz, gehienetan, goiz eta arratsalde lanean ibili arren, lagun asko egiteko aukera izan dut, baita disfrutatzeko aukera ere!











Bestalde, herriko liburutegian (Biblioteca Popular Pablo Neruda) Euskararen jatorri (misteriotsu)aren inguruan hitzaldi bat emateko aukera eskaini zidaten, eta hortxe ibili ginen gure hizkuntza zaharraren berri ahalik eta modurik egokienean informazioa helarazten. Beste esperientzia interesgarri bat..!

lunes, 6 de noviembre de 2017

I. EUSKAL BARNETEGIA SAN ANTONIO EKIALDEAN


Iritsi zen larunbata azkenean! (urriak 28)

 Larunbata goizean elkartu, eta ia 2 orduko bidaiaren ondoren, iritsi ginen Aberri Etxeko lehenengo barnetegira, San Antonio Este-ra. Bertan, Jorgeren harrera beroa izan genuen, eta zegozkigun 2 etxeetan maletak utzi ondoren, lanari ekin genion: Euskara ikasteari!



1.go aldia izanik, adin desberdinetako dozena bat lagun giro ezin hobean ekintza ugari egiteko prest geunden.



 Goizeko egitaraua honakoa zen: norbanakoaren aurkezpenak egitea; BAI-EZ soilik erantzunez, pertsonaia ospetsuak asmatzea eta, bazkal aurretik, antzerki baten prestaketan murgiltzea. 

Euskara mingainean eta giro ederrean,  serio demonio aritu ondoren bazkaldu genuen, eta ordubeteko atsedena hartu genuen eguzkia eta hondartzako paisaia lagun genituelarik. Nik hondartzatik ibilaldi txiki bat eman nuen itsas txakurrak ikusi ahal izateko. Hasiera ona..!


Arratsaldean, lanean buru belarri jardun ondoren, antzerkiaren grabaketa eta bertso mintegia egin genituen . 3 taldetan banatu, eta talde bakoitzak egindako bertsoaren grabaketarekin bukatuz, afaltzeko prestatu ginen. Ordurako, umorea, talde kohesioa eta alaitasuna lagun genituen. 
Afaria ez zen nolanahikoa izan, eta Jorge bertakoaren konpainiarekin, ametsezko uneak bizi izan genituen: mailarik goreneko jakiak zein edariak, abestiak, dantzak...deskriba ezina izan zen. Magikoa!


Biharamunean, lanari jarraipena goiz-goizetik eman genion: kanta ospetsuak abestu, letrak ezagutu, bertso ezagunen oinak identifikatu...taldearen Euskararekiko konpromisoa agerian geratu zen! Biba zuek!

Bukatzeko, Rocio eta biok prestatutako "Altxorraren jolasarekin" asteburu eder bati amaiera bikaina eman genion, aurrez amestutako aurreikuspen guztiak gainditu genituenaren sentsazio ezin hobearekin! Ederki!

Sebastian eta Luciarekin itzuli nintzen bertako animalia eta landareen ikasgaia barneratu nahirik. EDERRA!