viernes, 1 de diciembre de 2017

PATAGONIARI AGUR ESAN ETA MENDOZARA!



Egindako lanak eginda daudenez, eta tokian tokiko pertsonak eta bizipenak barruan izanik, hilabete pasean bizitakoaz hausnartzeko eta turismo pixka bat egiteko asmoarekin Mendozara joatea erabaki nuen. Mendoza hiri ezaguna da oso, ardoarengatik batik bat, baina ez dago Patagonian.
Bertako Euskal Etxeko irakasle batekin harremanetan jarri nintzen -aurrez egindako lanaren ondorio-  eta, azken hilabetean ez bezala, oraingoan bost egun pasa ditut hotel batean.

Gozatzeko asmoarekin, igerilekua zuen hotela aukeratu nuen, baina denboraldi altuan soilik prestatzen omen dute igerilekua (argentinarrak igerilekuari "pileta" deitzen diote) eta hurrengo astean irekitzekoa omen zutenez, bainurik gabe gelditu behar izan dut. Zorte txarra nirea. Gutxienez, eguzkia hartzeko aukera izan dut!


Egun hauetan iratzargailurik gabe eta oporretako sentsazioarekin ibili naiz. Banuen gogoa!
Hiria ezagutzeko aukera izan dut, oinezko ibilaldiez gain, turistentzako "bus-tour" hoietako batean Mendozako kaleak eta leku ezagunenak ezagutu ditut. Aitzitik, bertako produktu ezagunena ardoa izanik, bodega batetara joateko aukera ere ez dut galdu. Gainera, Euskal Etxe ederrean birritan egoteko probestu dut. Euskara klase batean egon naiz, pen-drive batean daramadan euskara ikasteko materiala utzi diet, pintxoak prestatzea ere tokatu zait...A ze tokia dutena gainera! Martxa ederra daramate; ostiraletan afaria, euskal zine zikloa larunbatetan, euskara klaseak astean zehar...
Euskal Etxean bertan "Gaztetxea" badutenez, larunbatean, Lautaro euskara irakaslearekin buruz buru hizketaldi bikainaz gozatzeko aukera izan nuen, "Fernet" bertako edari ezaguna edaten genuen bitartean. Goizaldea ohartu baino lehen iritsi zen, baina oroitzapen bikaina geratu zait.

 Lautarok laguntza eta babes handia eman dit. Nola ahaztu haren gurasoen etxean jandako "asado"goxoa. Mahaiaren bueltan, familiako kide bat gehiago, etxean bezala sentiarazi ninduten. Zinez, bazkari ederra izan zen igandekoa! Beste batean, Lautaroren etxean, pizza ederra afaldu genuen kontu kontari aritu ginen bitartean. Bakarrik doan euskaldun batentzat, Ameriketan egonik, euskaraz naturaltasunez hitz egin ahal izatea eta horrela zaindua izatea gozamena da. Plazerra! Eskerrik asko!
Eta horrela, lasaitasunezko bost egunen ondoren, Mendoza agurtu eta Buenos Airesera. Hau bukatzera doa!

No hay comentarios:

Publicar un comentario