lunes, 18 de diciembre de 2017

BUENOS AIRESETIK AZKEN AGURRA






Mendoza utzita, abenturarekin bukatzeko, azken lau egunak Buenos Airesen pasa nituen. Aurreko egunetan, harremanetan jarri nintzen Argentina hiriburuko euskara irakasle eta euskalkulturako arduraduna den Sabrina Otegirekin, eta honek ere, esku zabalik hartu ninduen. Aste Nazionalean, San Nicolasen, ezagutu nuen Sabrina, eta "Euskaltzaleak" Euskal Etxeko ateak ireki zizkidan. Bere ikasle taldearekin saio dibertigarri batean egoteaz gain, biharamunean La Platara joateko apuntatuta gelditu nintzen, bertako "Centro Basko Euzko Etxean" Nazioarteko Euskara Eguna ospatzekotan baitziren. Eta ederki pasa genuen. Mintzodromoa antolatu zuten, jarraian jolas batzuk egin genituen eta azkenik, afari goxoarekin bukaera eman genion. Nola ez disfrutatu halako talde jatorrarekin? Berriz ere, eskerrak eman behar guztioi!


               
Ondo zainduta egon naiz hemen ere, baina nire kasa hiri handi honetatik ibiltzeko ere aukera izan dut. Opariak erosi, kaleetan zehar inguruari begira kilometroak eta kilometroak ibili, Puerto Maderon korrika saioa egin, terraza batean zerbeza bat hartu...desberdintasun sozial handiak ikusten diren hiri erraldoia da Buenos Aires! Eta nik ez dut ia ezer ere ezagutu. Pentsa!

Aurrez, ez nuen sekula pentsatuko zortzigarren probintzia den euskal diasporak Argentinan halako indar eta mugimendua izango zuenik. Ezta gutxiagorik ere!


Sorpresa oso atsegina izan arren, gaur jada Euskal Herrian, ia lotsatu ere egiten naiz hango jendeaz oroitzean. Zenbat esfortzu, grina eta interes jartzen duten Euskara eta Euskal Kulturaren alde! Zenbat maitasun helarazi! Hangoei begiratuz, badugu hemen zer ikasia!

No hay comentarios:

Publicar un comentario